Mende erdia aurretik

Atari honetan ez duzu urtebetetze ospakizunik topatuko, ez ditugu 50 domina prestatu gure buruarentzat, urte adina kandela jarri opil izugarri batean, edo gora gu ta gutarrak oihukatzeko erakustaldiak aurreikusi badiako kaleetan.  
Zerbait ospatzekotan, ospatuko dugu mende erdia igarota badela oraindik auzolanerako gogo biziz jarraitzen duen herri euskalduna. Ospatuko dugu badela erraz konformatzen ez den eta inoren zain egon gabe bere burua antolatzeko gai den herritar multzoa, elkartasunez eta eskuzabaltasunez ideien alde musutruk aritzen dakien komunitatea. 


Ados. Mugarriak lorpenak ospatzeko uneak izaten dira, baina zer ospatu izatea bera, izaten jarraitzea bera denean lorpena?  Ospa dezagun inkonformismoa, ausardia, borondatea. Ospa ditzagun sarea, hiztun komunitatea, nazioa. Balia dezagun urteurrena nora joan nahi dugun jakiteko, nondik gatozen oroituta. Jar dezagun praktikan auzolana, izan gaitezen ingurukoen hauspo. Bildu ditzagun indarrak segitzeko bizkor herrigintzan, euskalgintzan eta hezkuntzagintzan. Aurrekoek egin bazuten. Gu ari bagara. Nola ez eskeini hurrengoei aritzeko aukera? Mende erdia igarota, mende erdia izango dute aurretik.

Aitortza

Badiako ikastola txikiak abiatzen lehenik, eta Lizeoa osatzen ondoren, herrigintzan aritutako guztien lana aitortu nahi dugu.

Ekarpena

Badia euskalduntzeko Lizeoak egindako lana azaleratu nahi dugu, eta urteurrena baliatu ahalegin hori biderkatzeko. Herri lehentasun dira euskal nortasuna indartzea, euskarazko ahozkotasuna hobetzea, euskaldunekiko erasoak geldiaraztea, gizarte berdinzaleagos euskaraz eraikitzea. Horretan aritu nahi dugu gertuko eragileekin elkarlanean. 

Harrotasuna   

Halaxe da, euskaldun izatea nekeza da, euskal herrian bizitzeak berak erdaldundu egiten duelako. Horregatik, funtsezkoa da euskaldunen autoestima indartzea, eta jarrera euskaltzaleak nagusitzea.