Hiztun komunitate euskaldunak historian zehar makina bat aldiz asmatu izan du, intuizio hutsez, aurrera egiteko beharrezko tresnak eta egitasmoak martxan jartzen. Ez dago bestela ulertzerik gaztelaniaren eta frantsesaren neurriko hizkuntza hegemonikoak bizilagun izanda euskara XXI. mendera bizirik iristea. Gau eskolak, euskarazko prentsa idatzia, euskara taldeak, euskal kantagintza berria… baita euskarazko hezkuntza bera ere.
Testuinguru horren baitan baizik ezin da ulertu badian sortutako ikastolen aldeko mugimendua. Espainiako Errepublikaren garaian lehenik, frankismoaren hondarretan ondoren, euskaldunek hizkuntza hurrengo belaunaldiei transmititzeko bulkadari erantzun bat emateko sortu ziren. Batzuetan baimenekin, besteetan klandestinitatean, elizaren babespean ezkutatuta, udalen kolaborazioarekin, gabe, gurasoen jabetzakoa izanda zein kooperatiba forman, erraz identifikatzen dira oraindik ere ikastolak. Nazio mailako antolaketaren eskutik, euskaldunak hezteko egitasmo autoeratu eta autonomoak dira, hezkuntzaren esparruan. 
Bi mila eta hogeitaseian, Lizeoa hezkuntza kooperatiba da, unean uneko langileen, gurasoen eta herrigintzako kideen jabetzakoa, eta hurrengo belaunaldiei eskualdatzen zaiena. Bi mila eta hogeitaseian, Lizeoa Euskal Herriko Ikastolen mugimenduko kidea da, eta erakunde berean biltzen gaitu Euskal Herriko txoko guztietako gainerako ikastolekin, Ortzaizetik hasita Tuteraraino. Bi mila eta hogeitaseian, Lizeoak pertsona ekintzaileak eta eraldatzaileak hezteko pedagogia hautuak egiten ditu. 

Bi mila eta hogeitaseira, ordea, txanpa luze baten ondoren iritsi da gure ikastola. 



1930eko hamarkada. Lezo. 
Lehen euskarazko haurreskola, Agustina Lizarazuk eta Miren Gezalak zabaldutakoa. 

1950eko hamarkada. Lezo. 
Gerran etenda egon ondoren, haurreskola berreskuratu zuen Manuela Larreak. Eskola Nazionaleko irakasleek Larrea salatu, eta Don Inazio Esnal apaizarengana jo zuen babes eske. 

1960. Lezo. 
Lezoaundia parkean Don Inazio Esnalek abian jarri zuen ikastola, baimenekin. 

1960. Antxo. 
Kontxita Beitiak bost haurrekin ikastola martxan jarri zuen. 

1960. Antxo.
Kontxitak utzitako tokia Nekane Auzmendik bete zuen. 

1966. Trintxerpe. 
Arantxa eta Andoni Egiak bultzatuta, Karmele Laka izan zen Trintxerpeko ikastolaren lehen irakaslea. 

1966. San Pedro. 
Dunixi ikastola abian jarri. Pilartxo Arratibel irakasle. 

1966. Donibane. 
Donibaneko ikastola abian jarri zen Udalak utzitako lokal batean, Donibaneko euskaltzaleen ekimenez (Jose Joakin Irigarai, Rafa Otero…). Rosarito Folgado lehen irakaslea. 

1968. San Pedro. 
Egoitza eta izena aldatu zuen ikastolak, gobernadorek ikastolak debekatu ondoren Udalak lokalik ez uztea erabaki zuelako. Kepa Deun ikastola izena hartu zuen. 

1969. Donibane. 
Ikastolak bainenak eskuratu zituen, Bonantza ikastola abian jartzeko. Rosarito Folgado, Lurdes Sistiaga, Marian Etxezarreta, Ixiar Korta eta beste hainbat aritu ziren irakasle. 

1970. San Pedro. 
Egungo eraikinera lekualdatu zen San Pedroko ikastola. 

1972. Pasaiako badia. 
Pasaian lizeo bateratua osatzeko lehen bilera. Donibaneko, Antxoko, San Pedroko, Lezoko, Trintxerpeko, Herrerako, Altzako eta Intxaurrondoko ikastolak izan ziren bileran. 

1972. 
Ekainaren 19an Pasaiako Udalbatzak bere egin zuen lizeoaren proiektuarekin, eta Hezkuntza ministerioari eskaera egin zion. 

1975.
Proektua ikastola batzuek ontzat eman zuten: Lezokoak, Antxokoak, Donibanekoak, San Pedrokoak eta Trintxerpekoak. Besteek, ordea, Herrerak, Altzak, Intxaurrondok bere bidea segitu zuten. 

1976. 
Gaztelutxo guraso elkartea juridikoki eratu zen, eraikin nagusia eraikitzea helburu. 

1977. 
Langile bat erailtzea salatzeko, Pasaiako alkateak dimititu eta zinegotziek Udala geldiarazi zuten. Gurasoek eskatuta, zinegotziek udalbatza berezi deitu, eta Lizeoari obra baimena eman zioten. 

1979. 
Lizeoko eraikin nagusia inauguratu zen, eta proiektu bateratuak egoitza lortu. 

1993. 
Publifikazio prozesuak eztabaida sakona eragin zuen ikastola barruan. Alderdi zein sindikatuek erabakia baldintzatu nahi izan zuten, eta gurasoen artean gatazka ugari sortu ziren. Oso alde txikiarekin, ikastolen mugineduaren parte izaten jarraitze berretsi zen. 

2003. 
Testuinguru berrian ikastola juridikoki berrantolatu zen, kooperatiba integrala bilakatuz. Ordutik, gurasoak, langileak eta herrigintzako kideak dira proiektuaren jabe zein gidariak, lema partekatuarekin. 

2007. 
Euskal Herriko ikastolak mugaz gaindiko erakunde nazionalaren sorrera.